XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Traduciendo se entienden los pueblos

JUAN MARI ARZALLUS

Hitz eginez konpontien da jendea, dio esaerak; itzuliz konpontzen dira herriak, APETI-ren leloak.

Zer lelo egokiagorik itzultzaile elkarte batentzat.

Baina itzultzea nahikoa ote herriak elkarrekin ondo konpontzeko?

Artikulu honek Kadareren H. Dosierra euskaratzean aurkitu genituen (Antton Olanok eta izenpetzen duenak) zailtasunez izan behar zuen egin zitzaigun eskaerari kasu egitera.

Ez da, erabat bederen, hala izango.

Baina ez naiz gai horretatik urruti ere ibiliko.

Kadareren eleberrietan pixka bat geratu dena berehala konturatuko zen zeinen gogoko duen ipuinak, elezaharrak eta historiako pasarteak bidera ekartzea, edota, irakurleari nondik nora ibili erakusteko edo, han eta hemen bide seinaleak uztea: mendi izenak, ostatu izenak, pertsona izenak, vendetta, bessa (emandako hitza betetzea), eta abar, eta abar.

Horien artean sar daiteke eslabiarren edo, hobeto esan, serbiarren eta albaniarren arteko konponezina hainbestetan aipatzea ere.

H. Dosierra-ren sarrerako azken lerroetan agertzen den bezala: Eta noski, bi herri horiek aipatuz gero, handik edo hemendik Kosovo azaltzen da azkenean.

Bai, eslabiarrak Balkanetan sartu zirenetik bi herri horiek gaur arte izan duten liskarraren ia aldi-muga guztiak aurki daitezke Kadareren obran.

1981eko martxoaren bukaeran eta apirilaren hasieran Kosovon izan ziren liskarren ondotik idatzia du H. Dosierra bera, urte horretako abenduan bukatu baitzuen liburua.

Eta badu albaniarren eta serbiarren arteko borroka gogorrenean egon den garaietan eta gertakizunetan oinarria harturik idatzitako eleberririk ere: Le cortège de la noce s'est figé dans la glace eta Trois chants funebres pour le Kosovo dira dituenetan aipagarrientxoenak.

Dena den, luzeegi joko luke hiru liburu horietan agertzen den guztia puntuz puntu hartzeak eta are luzeago, berriz, aldizkarietan publikatu duen guztia errepikatzeak.

Muga gaitezen, bada, labur bada ere, erakutsi izan duen jarrera agertzera.